Alimentacción
ALIMENTACCIÓN Justicia Alimentariaren eta Hegoaren ekimen bat da, hezkuntza-sektorearekin batera elikadura-sistema osasungarri, bidezko, eskuragarri eta iraunkor baten alde eraldatzeko helburua duena. Helburu horrekin ere sortu zen AlimentAcción sarea. Hura lurraldeetan eta hezkuntza-komunitateetan aldaketen protagonista diren ikastetxeek eta ekonomia eraldatzaileetako erakundeek eta enpresek osatutako sare bat da.
Justicia Alimentaria
Justicia Alimentaria gaur egungo nekazaritza eta elikadura sistema aldatu beharra dagoela uste dugun zenbait lagunek osatutako elkartea da. Izan ere, sistema horrek komunitate landatarrak zapaltzen eta kanporatzen ditu eta ingurumena hondatzen du. Aldaketa horretarako beharrezkoa da Elikadura Burujabetza lortzea.
Hegoa
Hegoa Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutua Euskal Herriko Unibertsitateko institutu mistoa da. Bere helburua gizarte eraldaketa eragitea da eta horretarako, pentsamendu kritikotik, esparru teorikoak, prozesuak eta estrategiak eskaintzen ditu bizitzaren iraunkortasunerantz ibiltzeko.
Historia
AlimentAcción hainbat autonomia erkidegotako eta udaletako lankidetza-agentzien babesa izan du. Horiek delegazio bakoitzaren informazioan zehaztuta aurkituko dituzu. Agentziek balioa gehitu diote epe luzeko ekintza-estrategia horri. Gainera, estrategiak AECID Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziaren babesa ere izan du, eta horri esker, ikastetxeek eta enpresa eta erakunde lagunek osatutako sare hura finkatzeko eta zabaltzeko aukera izan dugu.
2010. AlimentAcción. Landa eremu bizi baten aldeko ikastetxeen sarea
“Transversalización de la educación en valores y soberanía alimentaria en la currícula de la educación primaria en escuelas del área rural del Estado español” izenburuarekin, estrategiaren lehen hitzarmen horrek AECIDen babesa izan zuen. Proiektua 2010etik 2014ra bitartean egikaritu zen, Justicia Alimentariaren (une horretan Vetermon) eta ACSUR-Las Segovias erakundearen arteko hitzarmen baten bitartez. Haren helburua, bada, hezkuntza-komunitateari informazioa eskaintzea izan zen honako eduki hauek txertatzeko: genero-ikuspegia duen elikadura burujabetza, jasangarritasuna eta pobreziaren aurkako borroka. Helburu horrez gain, lehen hitzarmen horretan ikastetxeen sarea osatzea proposatzen zen jada, beren tresna pedagogikoak elkarrekin osatzeko helburuz; eta hezkuntza fakultateekiko eta Guraso Elkarteekiko harremana ere sartzen zen, oraingo eta etorkizuneko irakasleekin egiten zen lanari koherentzia handiagoa emateko.
Aldi horretan Lehen Hezkuntzako 300 bat irakaslerekin lan egiten zen, eta sarean zortzi autonomia erkidegotako eremu landatar edo erdi-landatarretarako 80 ikastetxe inguru sartu ziren. Gainera, lan hori laguntzeaz gain, Lehen Hezkuntzan lan egiteko materialak eta unitate didaktikoak egin genituen, eta material horiek partekatzeko lehen webgunea egin zen. Gaur egun ere, bertan jarraitzen dute material horiek eskuragarri.
2014. Sarea bigarren hezkuntzara hedatuz
Berriz ere, AECIDek Justicia Alimentariaren eta Hegoaren artean sinatutako garapenerako hezkuntzako hitzarmena babestea erabaki zuen. Hitzarmenaren izena honako hau zen: “Ampliando espacios para el derecho a la Alimentación y el Desarrollo Sostenible con enfoque de género, en todos los ámbitos de la educación formal”.
Hitzarmen berri hori 2014tik 2019ra bitartean garatu zen, sarean ikastetxe eta hezkuntza etapa gehiago sartzeko asmoz, hala nola Bigarren Hezkuntza. Nabarmendu nahi dugu hitzarmenaren esparruan Lehen eta Bigarren Hezkuntzarako esparru pedagogikoak eta curriculum exenplifikazioak garatu zirela, sarean 50 ikastetxe sartu zirela eta irakasleei zuzendutako prestakuntza-ikastaroak egin zirela. Halaber, irakasleekin bidelaguntza eta plangintza ona egitearen garrantzia ikasi genuen, edukiak gelaren egunerokoan txertatu ahal izateko eta ekimen puntualak gainditzeko. Hegoak AlimentAcción Sarearen estrategiari egindako ekarpena pedagogia kritiko horien aplikazioa izan zen. Izan ere, horiek, hezkuntza aldaketaren bitartez, benetako aldaketak eragiten eta eragingo dituzte elikadura-kulturan eta elikadura-sisteman.
2019. Elikadura burujabetzaren aldeko hezkuntza sare baterako bidean
2030 Agendaren eta GIHen ezarpen-prozesu betean, AlimentAcción Sarea handitzeari ekin genion, Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak sartuz. Hori “Inclusión del derecho a la Alimentación y el Desarrollo Sostenible con enfoque de género, en 6 familias de la Formación Profesional” izeneko AECID hitzarmenaren formulazioari eta onarpenari esker egin zen. Hitzarmenaren ezarpena, berriz ere, Bidezko Elikaduraren eta Hegoaren arteko lankidetzaren esparruan ematen da, eta harekin gazteak eta etorkizuneko profesionalak elikadura-ereduaren eraldaketan sartu nahi izan ditugu.
Hitzarmenetik nabarmendu nahi dugu Lanbide Heziketako 60 ikastetxe baino gehiago sartu direla. Horiek, elikadurari lotutako 6 lanbide arloetan lan egiten dute, hala nola, ekoizpenari, dietetikari, elikagaien industriei edo gizarte eta kultura zerbitzuei lotutako arloetan. Gainera sei tresna-kit sortu dira, gai horiek prestakuntza moduluen egunerokoan sartzeko tresnak eta hezkuntza-baliabideak biltzen dituztenak; eta lorpen nagusi gisa, Ekonomia eraldatzaileetako 300 enpresa baino gehiago Sareko laguntzaile bilakatu dira.
2023. Sarea unibertsitatera heltzen da
Bidezko Elikadurak eta Hegoak beren lankidetzarekin jarraitzen dute AECIDek lagundutako hitzarmen berri horretan. Haren bitartez, unibertsitateak elikadura-ereduaren eraldaketan sartu nahi ditugu, eredu bidezko, osasungarri, iraunkor eta eskuragarri baten alde. Hitzarmen berri horren izenburua “Universidad crítica y transformadora. Enfoque ecosocial y ecofeminista frente a la crisis climática y social con el derecho a la alimentación como eje de cambio” da, lau urteko denbora-esparrua du eta zortzi autonomia erkidegotan eta hiri autonomo batean garatzen da.
Gure helburua, bada, gutxienez 17 hezkuntza fakultaterekin lan egitea da, irakaskuntzako, ikerketako eta unibertsitate-hedapeneko arloetan; baita unibertsitateko kafetegiekin eta elikadurako beste eremu batzuekin ere, hezkuntza-komunitatearen elikaduran benetako aldaketa sustatzeko. Azpimarratu nahi dugu hitzarmena Latinoamerikako zenbait unibertsitaterekin elkarlan estuan garatuko dela, eta horiekin ezagutzak sortuko ditugula, gure praktikatik abiatuta.